Renting-a, aukera egokia autonomo eta ETE-entzat
Enpresa-jarduera garatzeko ondasunen bat behar denean, autonomoek eta enpresa txikiek badute aukera interesgarri bat: rentinga.
Rentinga alokairu-kontratu modu bat dela esan daiteke, rentingaren bidez ondasunen bat erabiltzeko aukera izaten baita diru kopuru baten truke. Horrezaz gain, enpresa hornitzaileak, normalean, ondasunak behar bezala funtzionatzeko mantentze-zerbitzu guztiak ere eskaintzen ditu. Renting-kontratua amaitzen denean, ondasunak hornitzailearen jabetzakoa izaten jarraituko du, eta hornitzaile horrek ondasuna saldu edo ondasunaren alokairua luzatu egin dezake.
Hasiera batean, kontratua amaitzean ez da izaten ondasuna erosteko aukerarik.
Oro har, oso finantza-tresna interesgarria da autonomo eta enpresentzat, izan ere, finantza-baliabideak ibilgetu gabe, ondasuna eskura izateko eta finantza-baliabide horiek errentagarritasun handiagoko inbertsioetan erabili ahal izateko aukera ematen digu.
Hona hemen rentingean erabiltzen diren ondasunik ohikoenak:
- Automobilgintzako rentinga: turismo-automobilak, bezero partikular eta profesionalentzat edo enpresa-flotetarako. Baita merkataritzako ibilgailu eta furgonetak ere.
- Ekipamendu-ondasunak: ekipo informatikoak, hardwarea, softwarea, inprimagailuak, fotokopiagailuak, konponbide informatikoak, etab. Bulego, lantegi, biltegi eta enpresetako ekipamenduekin zerikusia duten ondasun guztiak ere rentingean erabil daitezke, hala nola, telefonoguneak, bulego-tresnak, orga jasotzaileak, erretraktilak, eskaera-hartzaileak, pilatzaileak, etab. Aukera zabala, bada, teknologia berriena duten makinetan. ?
Onurak:
- Ondasuna (ibilgailua edo ekipamendua) aurreneko ordainketa egin gabe erabiltzeko aukera ematen du.
- Oro har, egokia da negozioaren jarduerarekin zerikusi zuzena ez duten, baina enpresaren funtzionamendu onerako ezinbestekoak diren ondasunentzako.
- Era berean, interesgarria da teknologia edo teknika ikuspegitik berehala zaharkiturik gelditzen diren ondasunak eskura eduki ahal izateko ere.
- Ez ditu enpresaren baliabideak etengabe berritu behar izaten diren ondasunetan ibilgetzen, eta horrek likidezia handiagoa ematen du.
- Rentingean erabilitako ondasunak ez dira elkartearen balantzean adierazten eta balantze hori arindu egiten da.
- Administrazio-lanak erraztu egiten ditu. Beste alokairu bat gehiago da eta zerbitzu guztiak hilean behingo ordainketa bakar batean sartzen dira.
- Zergei dagokienez, ondasuna enpresako edo lanbideko zereginetarako erabiltzen bada, hileroko alokairuak gastu kengarriak dira % 100ean. Kuotak osoki deduzitu ahal izateko, ordea, ezin da erosteko aukerarik izan.
- Alokatutako ondasunaren amortizazioaren kontabilitateari buruzko eztabaida guztiak eragozten ditu, ondasuna ez baita enpresaren jabetzakoa.
Hona hemen autoen renting-kontratuan sartzen diren zerbitzu ohikoenak:
- Ibilgailuaren kudeaketa osoa (erosi, matrikulatu, mantendu).
- Matrikulazioaren gaineko zergak, zirkulazioaren gainekoak eta abar kudeatu eta ordaintzea.
- Aukeran dauden mota guztietako ibilgailu-aseguruak kontratatzea.
- Ibilgailuaren prebentziozko mantentzea, ibilgailuaren fabrikatzaileak adierazitako azterketen arabera.
- Errepideko laguntza.
- Ibilgailuaren mantentze osoa, piezak eta eskulana barne.
- Ibilgailuaren konponketak.
- Kilometro kopuru batetik aurrera pneumatikoak aldatzea.
- Lege-laguntza.
- Ordezko ibilgailua alokatutakoa konponketa-lantegian baldin badago.
Honako gorabehera hauek, ordea, ez daude hornitzailearen betebeharren artean:
- Frogek erakusten dutenez ondasunak gaizki erabili izanaren edo arduragabekerien ondorioz sortutako kalteak konpontzea.
- Alkoholaren edo estupefazienteen eraginpean gidatu izanaren erantzukizuna.
- Ibilgailua garbitzea.
- Fabrikatzaileak zehaztutako arauak ez betetzeagatik sor daitezkeen kalteak.
- Bidesari eta erregaien gastuak.
Laburbilduz, rentinga oso eredu interesgarria da, oro har, autonomo eta enpresentzat, zenbait ondasun eskura izateko aukera ematen baitu negozioa deskapitalizatu edo zorretan murgildu beharrik izan gabe, finantza- eta zerga-onura garrantzitsuekin.








