consulta.gif
soluciones.gif
subvenciones.gif
consultorio
seminario

lan_erreforma_puntu_nagusiak

newsletter-aren merkaturatzea

Nafarroa eta Euskal Herrialdeetan hitzartutako erreforma fiskalak

Euskadin eta Nafarroan zerga ordainketa nola geratzen den erreforma fiskalaren ondoren

Bere onespenaren ondoren, nor bere Diputazioengatik erreforma fiskalak hurrengo formako laburtzen dira:

 

PFEZ


PFEZren tarifa orokorra

PFEZren tarifa orokorrak kapitalarenak ez diren errentei eragiten die.

Gipuzkoan, hiru tarte berri sortu dira eskalan: % 46, 90.000 eurotik gorako likidazio-oinarrietarako; % 47, 120.000 eurotik gorakoetarako; eta % 49, 175.000 eurotik gorako likidazio-oinarrietarako.

Araban, likidazio-oinarrien zerga-tasak ez ukitzea planteatu da, eta, beraz, likidazio-oinarriek % 23 eta % 45 bitartean ordaintzen jarraituko dute.

Era berean, Bizkaiko Aldundiaren foru-araurako proiektuak jasotzen duenez, Araban bezala, ez dira likidazio-oinarriaren eskalaren zerga-tasak aldatuko.

Nafarroan, aldiz, 2012 eta 2013 ekitaldietarako PFEZ igotzea onartu da. Igoera hori, baina, estatukoa baino pixka bat leunagoa da, Espainiako Gobernuak araubide komuneko autonomia-erkidegoetarako ezarri dituen tarte guztietan baino gainordain txikiagoa ezarriko delako. Gainordain hori 0 eta 5 puntu bitartekoa da; gobernu zentralak, aldiz, % 0,75 eta % 7 bitarteko igoerak onartu ditu. Ondorioz, Nafarroako gehienezko tasa % 49koa izango da, estatu osoko gehienezkoa (% 54) baino bost puntu txikiagoa.

Gogoan izan behar dugu, 2011n, 2012an eta 2013an, PFEZren laneko errentetarako tasak % 24,75 eta % 52 bitartean egongo direla, Espainiako estatuan (errentarik baxuenentzat eta altuenentzat, hurrenez hurren). Katalunian, Andaluzian eta Valentzian, besteak beste, gehieneko tasa marjinala % 55ekoa edo % 56koa izango da, EAEko herrialdeetan ezarritakoa baino nabarmen handiagoa.

 

Aurrezkia

Gipuzkoan, kapitalaren errenta guztiak jasotzen ditu aurrezkiaren oinarria delakoak, eta % 20ko tasa finkoko zerga ezarri izan zaio. Orain, 4.000 eurotik eta 3 puntutik gorakoen tributazioa % 23ra igotzea onartu da.

Araban lortutako akordioak eta Bizkaiko foru-araurako proiektuak hauxe dakarte: 10.000 eurorainoko kapital-sarrerek % 20ko zerga ordainduko dutela (gaur egun bezala), eta kopuru horretatik aurrera, % 22koa.

Nafarroan ere estatukoa baino leunagoa da aldaketa. estatuko gainordaina % 2 eta % 6 bitartekoa da; Nafarroan, aldiz, % 1 eta % 5 bitartekoa. Beraz, 0,00 eta 6.000 euro bitarteko zerga-oinarriaren kasuan, gainordaina % 1ekoa izango da Nafarroan (estatuan % 2koa), eta tarifa berria % 20,00an kokatuko da (estatuan % 21ean). 24.000 eurotik gorako zerga-oinarrien kasuan, berriz, gainordaina % 5ekoa da (estatuan % 6koa) eta tarifa berria % 26koa (estatuan % 27koa).

Estatuan, kapital-errentek % 21eko zerga ordainduko dute 6.000 eurora arte, % 25ekoa 6.000 eta 24.000 euro bitartean eta % 27koa 24.000 eurotik aurrera.

 

BGAEak

Gipuzkoan, orokorrean, urterako muga kengarria 5.000 eurokoa izango da asko jota, baina 12.000 eurorainokoa izan daiteke, adinaren arabera. 67 urtetik gorakoek ez dute desgrabatzeko eskubiderik izango.

Araban eta Bizkaian, muga orokorrak 8.000 eurotik 6.000 eurora murriztu dira, eta 52 urtetik gorakoen gehieneko ekarpena 500 euro haz daiteke urtean, 12.500 euroko mugaraino. Arabako Aldundiak ez du mugatzen desgrabatzeko eskubidea izateko adina.

Espainiako estatuan pertsona bakoitzak 10.000 euro jarri ahal ditu, urtean, pentsio-fondoetan.

 

Etxebizitza

Gipuzkoan, ohiko etxebizitza erosteagatiko kenkaria % 15ekoa da gehienez (% 20koa familia ugarien eta 35 urtetik beherakoen kasuan), 30.000 euroko zerga-kreditu batekin.

Araban eta Bizkaian, ohiko etxea erosteagatiko kenkariaren urteko muga 2.160 eurotik 1.800 eurora murriztu da, baina urteko kenkariaren % 18ko ehunekoak bere horretan jarraitzen du, bai eta etxebizitzaren zerga-kredituak ere (36.000 euroan). Era berean, % 23ko ehunekoa ezarri ahal izateko adina jaitsi egin da: lehen, 35 urtetik beherako zergapekoek ezar zezaketen, eta, gaur egun, 30 urtetik beherakoek baino ez.

Nafarroan, 2012rako eutsi egin zaie etxea erosteagatiko kenkariari, etxebizitza-kontuaren iraunaldia 10 urtekoa izateari, salbuespenetan etxebizitza-kontua berreskuratzeko aukerari eta ohiko etxebizitzan berriz inbertitzeko epearen luzapenari.

Espainiako estatuan, orain arte, 24.000 eurotik beherako errentak zituztenek soilik erabil zezaketen etxebizitza erosteagatiko kenkaria. Orain, gobernuak errenta guztietarako berreskuratu du, baina kenkariaren ehunekoa % 7,5era mugatu du.

 

Adinagatiko kenkaria

Gipuzkoan hitzartutakoaren arabera, 20.000 eurotik beherako errentetan baino ez da aplikatuko —326 euro 65 urtetik gorakoentzat eta 596 euro 75 urtetik gorakoentzat—. 20.000 eta 30.000 euro bitartean, murriztu egingo dira pixkanaka, eta, hortik gora, ezabatu.

Araban eta Bizkaian, adinagatiko kenkariak 30.000 eurotik beherako errentetan baino ez dira aplikatuko. 30.000 eta 35.000 bitartean, murriztu egingo dira pixkanaka, eta, hortik gora, ezabatu.

 

Familiarentzako laguntza

Bizkaian eta Araban, 6 eta 16 urte bitarteko ondorengo bakoitzari, dagokion kenkariaz gain, urtean 50 euroko kenkari osagarria ere ezarriko zaio. Gainera, Araban, sei urtetik beherako ondorengo bakoitzari urtean 326 euroko kenkari osagarria ezarriko zaio.

 

ONDAREAREN GAINEKO ZERGA


Gipuzkoan, ondarearen gaineko zerga ia lehen indarrean zegoena berreskuratzearen alde egin da, baina ohiko etxebizitzaren salbuespena 300.000 euroraino altxatu da, eta salbuetsitako gutxieneko pertsonala 700.000 euroraino. Zergaren berrezarpen horrek bi urteko —2011 eta 2012— iraunaldia izango du, eta 2013an erreforma sakonagoa egingo dela aurreikusten da.

Araban eta Bizkaian ere, ondarearen gaineko zerga ia lehen indarrean zegoena berreskuratzearen alde egin da, baina ohiko etxebizitzaren salbuespena 400.000 euroraino altxatu da, eta salbuetsitako gutxieneko pertsonala 800.000 euroraino.

Nafarroan, ondarearen gaineko zerga berreskuratu egin da, 700.000 eurotik gorako kasuetan. Ohiko etxebizitza salbuetsita dago, 300.000 euroraino.

Espainiako estatuan, erkidegoak libre dira ezarri ala ez erabakitzeko.

 

SOZIETATEEN GAINEKO ZERGA


Gipuzkoan ia ez da aldaketarik egon. Sozietateen gaineko zergari buruzko arauaren kontzeptu batzuk argitu edo aldatu baino ez dira egin, eta mugatu egin dira amortizatzeko askatasuna ezartzeko, amortizazio azkartua egiteko eta aparteko etekinak berriz inbertitzeagatiko salbuespena gauzatzeko epeak

Araban eta Bizkaian, likidatutako edo autolikidatutako aurreko ekitaldietako zerga-oinarri negatiboak konpentsatu egin ahalko dira, baina muga izango du —eta horixe da berrikuntza—: zerga-aldiko errenta positiboaren % 70ekoa, hain zuzen.

Gainera, ekitaldian ezarri beharreko sozietateen gaineko zergaren kenkari guztiak, denak batuta, ezin izango dira kuota likidoaren % 35 baino handiagoak izan. Gaur egun % 45ekoa da muga.

Araban, enplegua sortzeagatiko kenkariak ezarriko dira. Kuota likidotik 4.900 euro kenduko dira, kontratu finkoan hartutako langile bakoitzeko. Zenbateko horri 4.300 euro gehitu behar zaizkio, kontratatu den pertsona lan-merkatuan txertatzeko arazo bereziak dituen kolektiboren bateko kidea bada.

Nafarroan, eutsi egingo zaio 2012an enplegua sortu edo mantentzen duten enpresentzako sozietateen gaineko zergaren murrizketari —mikroenpresen kasuan, % 23tik % 20ra pasatu da eta, ETE-en kasuan, % 27tik % 28ra—. Gizarte-ekonomiako enpresen kasuan, berriz, sozietateen gaineko zergan % 18ko edo % 17ko kenkaria aplikatzen jarraituko da.

 

OINORDETZEN GAINEKO ZERGA


Gipuzkoan, senide zuzenen eta bikotekideen arteko eskualdatzeetan (jaraunspen eta dohaintzetan) orain arte egon den salbuespena ezabatu egin da, eta 220.000 euroko murrizketa orokor bat ezarri da kasu horietarako. Aurreko araudiaren arabera salbuetsita zeuden senide zuzenek zerga ordainduko dute aurrerantzean: % 1,5eko tasa bakarra.

Araban eta Bizkaian, orain arte salbuetsi egin dira senide batzuen arteko dohaintzak, baina aurrerantzean horiek ere % 1,5eko zerga ordaindu beharko dute. Bizkaiko kasuan, zerga horren erreforma 2012ko apirilaren 1etik aurrera ezarriko da.

Espainiako estatuan, erkidego bakoitzak bere araudia dauka zerga horri dagokionez.

 

[itzuli]

 
eta gainera...

Euskadin eta Nafarroan zerga ordainketa nola geratzen den erreforma fiskalaren ondoren

Gehiago irakurri...
 

Deskontua, enpresan likidezia lortzeko formula

Gehiago irakurri...
 

Nola aurreztu prezio-konparatzaileei esker (lehen zatia)

Gehiago irakurri...
 

Nabigatzaile aldatzea, abantailak?

Gehiago irakurri...
 

marketing_euskera
atencion_publico_euskera2

nuestros_clientes2_e