Nabigatzaile aldatzea
Nabigatzaile aldatzea, abantailak?
Aldian-aldian nabigatzailea aldatzeko aukerak, alferrikako kontua irudi dezakeen arren, oso jarduera gomendagarria da, besteak beste, Interneteko balizko erasoetatik babesteko aukera ematen digulako.
Nahiz eta Chrome eta Firefox bezalako nabigatzaileen bultzada handia izan, Internet Explorerrek gordetzen du oraindik nabigatzaileen merkatuaren zati handiena, beste arrazoi batzuen artean, horixe izan delako munduan gehien saltzen den sistema eragileak, Windowsek, lehenesten zuen nabigatzailea. Halere, legezko betebeharrak medio eta beste nabigatzaile batzuek eskaintzen dituzten abantailak direla-eta, une honetan nabigatzaileen merkatuaren % 40 baino zertxobait gehiago baino ez dute hartzen Internet Explorerren bertsio guztiek. Gainerako nabigatzaileen artean, Firefoxek % 27 hartzen du, eta Chromek % 21.
Merezi du nabigatzailea aldatzea?
Erabiltzaile askoren ustez, sistema eragilearen beste elementu bat da nabigatzailea, eta ez du merezi aldatzea edo eguneratzea. Hautemate oker horren atzean zera dago: Windows XPn txertatuta zetorren Internet Explorer 6 nabigatzaileak 7 urte eman dituela merkatuan eguneratu gabe. Gaur egun, berriz, nabigatzaile zaharkitua eta fidagarritasun gutxikoa da; web-orriak txarto bistaratzen ditu eta segurtasun-arazo larriak ditu.
Europan nabigatzaile horrek presentzia murritza duen arren, 2011n Microsoftek kanpaina bat jarri zuen abian, Explorerren bertsio berriagoetara aldatzeko deia eginez.
Zer nabigatzaile aukeratu behar dut?
NNabigatzailea aukeratzea erabaki garrantzitsua da, eta erabiltzaile bakoitzaren premien eta eskakizunen arabera hartu behar da. Firefox nabigatzaile osatua den arren, pisutsua eta geldoa izan daiteke urte batzuk eta sistema eragile zaharra dituen ekipamendu informatiko batean. Ondorioz, Interneten nabigatzearen esperientzia zaildu egin dezake. Beste kontu batzuetan nabigatzaile bikaina bada ere, halako kasuetan hobe da Firefox alde batera utzi eta beste programa arinagoen aldeko apustua egitea; Chrome, adibidez.
Zer nabigatzaile erabiliko den aukeratzea erabaki garrantzitsua da, eta erabiltzaile bakoitzaren premien eta eskakizunen arabera hartu behar da. Web-orri asko aurki ditzakegu gaur egungo nabigatzaileen alderdi onen eta txarren berri emango diguten artikulu eta postekin. Horietako bat da, adibidez, NorfiPC.
Merkatuan badira nabigatzaileen bertsio arin edo sinplifikatuak, ordenagailuaren memoria-baliabide guztiak erabili behar izan gabe Interneten sartzeko aukera emango digutenak. Gainera, web-plataforma eta -zerbitzu asko, hala nola posta elektronikoa edo Internet bidezko aplikazio ofimatiko batzuk (adibidez Google Docs edo ThinkFree) nabigatzaileen bertsio modernoekin baino ezin dira erabili.
Bestalde, beti nabigatzaile bera erabiliz gero edo bertsio berriagoetara eguneratu ezean, segurtasun-arazoak sor dakizkiguke eta ezin izango ditugu eskuratu web-teknologiaren azken aurrerakuntzak. Cookie eta pasahitzak direla-eta, informazio pribatu asko eta asko metatzen dugu nabigatzailean. Horren ondorioz, errazagoa da eraso-bideak eta maula-saiakerak jasatea, batez ere etengabe azken bertsioetara jotzeko ohiturarik ez badugu. Gainera, noizbehinka nabigatzailea aldatzea, edota, behintzat, aldian-aldian horietako batzuk txandakatzea software kaltegarria saihesteko modua izan daiteke. Segurtasun-estrategia ona da hori.
Nabigatzailea eguneratuta mantentzea
Internet hedatu zenetik, birus batek kaltetzeko arrisku handiena ez dator posta elektronikotik edo USB memorietatik. Infektatutako orrialde bat bisitatzen dugunean, nabigatzaile zaharkitu bat edo eguneratuta ez dagoen nabigatzaile bat erabiltzen badugu, gure ordenagailua arriskuan egongo da, dela datu pribatuak osteko arriskua izango dugulako, dela ordenagailuaren kontrola galtzeko arriskua izango dugulako.
Kontuan izan behar dugu etengabe eguneratutako nabigatzailea segurtasun-bermea izaten dela, oro har. Bertsio berri bakoitzean, ordura arte aurkitu dituzten hutsak zuzentzen dira eta, gauzak horrela, komenigarria da aldiro-aldiro nabigatzailea automatikoki eguneratzen dela baieztatzea, eskura dagoen azken bertsioa erabiltzen dugun ziurtasuna izateko. Esparru horretan, nabigatzaile baten bizi-ibilbidea luzea edo laburra den, arriskuak murrizteko berme handiagoa edo txikiagoa izango dugu, nabigatzaileak metatu duen eskarmentua handiagoa edo txikiagoa izango delako. Adibidez, Chromeren hasieran (merkatuan sartu den azken nabigatzaile handia da) ahulgune asko gertatu ziren, eta eguneratzeen bidez horiek guztiak zuzentzea lortu dute.
Osagarriak eta luzapenak baloratzea
Osagarriak eta luzapenak izaten dira nabigatzaileen alderdi garrantzitsuenetako bat. Aplikazio txiki horiei esker, nabigatzailearen hasierako ezaugarriak zabaldu eta geure eskakizunetara egoki ditzakegu. Gainera, nabigatzailearen ingurune grafikoa pertsonalizatzeko ere balio dute. Nabigatzailea aldatzen dugunean, horixe da kontuan hartu beharreko parametroetako bat. Izan ere, erabilitako nabigatzailean luzapen eta osagarri asko izan baditugu, horiek guztiak galtzeko arriskua dugu nabigatzailea aldatuz gero.
Erabiltzaile batzuentzat luzapen zehatz bat edukitzeko aukera izan daiteke nabigatzailea ez aldatzeko arrazoia, askotan nabigazioa errazten dutelako, edo errutinak eta ekintzak arintzen dituztelako. Oso hedatuta daude Firefoxen luzapenak (https://addons.mozilla.org/es-ES/firefox/), bai eta Chromerenak ere (https://chrome.google.com/webstore/category/extensions?hl=es).








