Nola aurreztu prezio-konparatzaileei esker (1. zatia)
Nola aurreztu prezio-konparatzaileei esker (lehen zatia)
Dirua aurrezteko Internetek eskaintzen dizkigun era ugarien artean, prezio-konparatzaileena izan zen sarean sortutako lehenengoetakoa, bai eta baliagarrienetakoa ere. Web-orrialde askok eta askok laguntzen digute aurrezteko oinarrizko eragiketa hori egiten, nahi duguna zer dendak (eskuarki online, baina baita offline ere) saltzen duen preziorik onenean jakiteko.
Gasolindegiak
Erregaia da hileroko gastuetan ia nahitaezkoa izanik, prezioak etengabe gora egiten duen horietako bat. Gidaritza eraginkorra errazteaz gain, hurbilen ditugun gasolindegien artean merkeena zein den jakiteko aukera ere badugu Interneten. Lehen aukera Industria Ministerioak berak eskaintzen digu, web-aplikazio honen bidez. Orrialde horretan, edozein unetan jakin ahalko dugu zer gasolindegik saltzen duten merkeen gure erregaia, eta zer preziotan saltzen duten.
Gure smartphoneetan ere aurki ditzakegu gasolindegirik merkeenak bilatzeko aplikazioak. Beti aldean (eta, beraz, autoan) erabiltzen dugunez, oso baliagarria da, batez ere gure ohiko eremutik kanpo bagabiltza eta ezagutzen ez dugun gasolindegi baten bila bagabiltza. Horien artean daude Ecogasolina (IPhonerako, 0,79 €), Gasofa (IPhonerako, doan) edo Precio Carburantes (IPhonerako, 0,79 €), RACEren bide-segurtasunerako aplikazioa (doan IPhonerako nahiz Androiderako), Gasolina barata (Androiderako, doan) edo Gasolineras España (Androiderako, doan).
Halere, datuak eguneratzeko erritmo motela da horien guztien arazo nagusia.
Ibilgailuen aseguruak
Negozio baten edo etxeko ekonomiaren gastu finkoen artean (argiaren faktura, mugikorrarena, alokairua edo hipoteka, etab.), autoaren asegurua elementu garrantzitsua da, oso kontuan hartzeko modukoa. Horren aurrean, Internet erabiliz aurrezten ahalegin gaitezke, gaur egungoa baino merkeagoa izango den asegurua aukeratuz, gure premiei ezin hobeto egokituko zaiela jakinez; prezioetan eta zerbitzuetan orekatua izango den asegurua, aseguru merke batek ez baitu ezertarako balio baldin eta ez badu estaltzen guk behar duguna.
Horregatik dira horren garrantzitsuak onlineko auto-aseguruak, gure ibilgailurako poliza onenaren bila ari garenean: denbora aurrezten dute eta autorako aukera onena eskaintzen digute. Sektorean dagoen lehiakortasun handia dela-eta, geroz eta konparatzaile gehiago, indartsuagoak eta pertsonalizatuagoak daude Interneten.
Preziorik onena eskaintzen digute, berme hobeekin, estaldura zabalagoekin eta aparteko zerbitzuekin. Adituen arabera, autoen salmentan eta matrikulatzeetan izandako beherakadak beherantz eraman du primen prezioa.
Konparatzaileen artean daude, besteak beste, Seguros.es, Rastreator, Acierto edo Arpem.com.
Gainera, konpainia horietako batzuek beste aseguru-mota batzuei buruzko informazioa ere ematen digute (negozioa, etxea, bizitza, etab.).
Energia
Negozio batean nahiz etxeko ekonomian, energia ere (elektrizitatea, gasa, etab.) kostu-eragile handia da. Energiaren Nazio Batzordeak konparatzaile osoa dauka horretarako. Haren bidez, energia merkaturatzen duten enpresek Azken Baliabideko Tarifaren erabiltzaileei eskaintzen dizkieten elektrizitate- eta gas-tarifak aldera daitezke, banan-banan edo multzoan.
Ohi bezala, aukerak ugari-ugariak dira eta erabiltzaile bakoitzak bilatu behar du zein den egokiena berarentzat. Aldiz, jakin behar duzue konparatzaileen negozioaren oinarrian, atxikitako marka bakoitzak zenbateko bat ordaintzen diola konparatzaileari, handik bideratzen den trafikoaren arabera eta horren bidez lortzen dituen salmenten arabera. Hartara, den-denak ez dira horren gardenak izaten.








