BEZaren ordainketa faktura kobratu arte atzeratu ahal izateko aukera gutxi
Badirudi ezingo dela kutxa-irizpidea erabili BEZaren kasuan. Neurri horren bidez enpresek ez lukete aurreratu beharko kobratu ez dituzten fakturen BEZa.
Baina El Economistan argitaratu dutenez, ez dirudi epe laburrean neurria abian jarriko denik, horretarako zailtasun operatibo handiak baitaude.
Kutxa-irizpidea aplikatuko balitz, kobratutako eta ordaindutako BEZ sorrarazia eta jasandakoa bakarrik aitortuko lukete BEZaren subjektu pasiboek. Ondorioz, kobrantzak eta ordainketak kontrolatzeko mekanismoa abiatu beharko litzateke, egun autonomoentzat derrigorrezkoa ez dena, eta Haziendari horren berri eman. Gainera, Haziendek eta Agentzia Tributarioak euren sistemetan ezarri beharko lukete aipatutako kontrol-mekanismoa.
Era berean, kontuan hartu behar da neurria salbuespenekoa izango litzatekeela, hau da, enpresa eta kasu jakin batzuetarako bakarrik. Halaber, EBren baimena beharko litzateke aurrera eraman ahal izateko.
2010eko Zuzentarau komunitario bat tarteko, EBk aukera ematen du Balio Erantsiaren gaineko Zergaren salbuespeneko arau horretaz baliatzeko. Horrela, Gobernuak eskaria egin beharko du, eta ondoren, Bruselak beste estatu kideek egindako eskariekin homogeneizatuko du. Beraz, aipatutako araua ezingo da epe laburrean indarrean sartu.








