Nola erraklamatu gabeko fakturak, zorduna Administrazio Publikoa bada
Nola erraklamatu gabeko fakturak, zorduna Administrazio Publikoa bada
Krisi-egoera zail honetan, nabarmen handitu dira enpresen berankortasuna eta ez-ordaintzea, ia-ia ekonomiako sektore guztietan. Enpresen eta Administrazio Publikoaren artean ere gertatzen da hori.
Krisi ekonomikoak hainbat ondorio izan ditu; besteak beste, asko handitu da ordaindu gabeko fakturen kopurua, eta atzerapen eta luzapen gehiago eskatzen dira mugaeguneratutako fakturak ordaintzerakoan. Inguruko enpresa gehien-gehienak ari dira egoera hori jasaten. Eta enpresa txiki eta ertainei eragiten die bereziki. Izan ere, mendekotasun handia dute epe laburreko kredituarekiko, eta diruzaintza-mugak dituzte. Hori guztia dela eta, zail dute beren jarduerarekin jarraitzea egungo testuinguru ekonomikoan.
Administrazio Publikoaren beraren berankortasuna ere handitu da; izan ere, berandu betetzen ditu bere ordainketa-betebeharrak, edo, zenbait kasutan, ez ditu betetzen. 2010ean ere, sektore publikoan, kobratzeko batez besteko epea handitu egin zen, aurreko urteekin alderatuta. Horrenbestez, 2009an, 157 egunera ordaindu zen batez beste, nahiz eta legez gehienez 50 egunera ordaindu behar den.
Baina hori ez da okerrena: zenbait administraziok beranduago ordaintzen dute, batik bat osasun-sektorean. Valentzian, Andaluzian, Murtzian eta beste leku batzuetan, osasun-sektoreko enpresa hornitzaileek 600 egun baino gehiago itxaron behar dituzte kobratzeko. Euskadin, batez bestekoa 103 egunekoa da, eta Nafarroan, 53 egunekoa (Expansión egunkariak 2011ko ekainaren 15ean argitaratutako datuak).
Artikulu honetan, labur-labur azalduko dugu nola erreklamatu faktura baten kobrantza, baldin eta gure zorduna Administrazio Publikoa bada.
LEGE BERRITASUNAK
Iaz, uztailaren 5ean, 15/2010 Legea argitaratu zen, Merkataritza-eragiketetan berankortasunari aurre egiteko neurriei buruzko 3/2004 Legea aldatzen duena. Lege horrek aldaketa handiak ezarri zituen enpresen eta Administrazio Publikoaren (udalak, autonomia-erkidegoak, aldundiak, baltzu publikoak...) arteko harremanetan, ordainketei dagokienez. Gainera, lege-aldaketa horrek Sektore Publikoko Kontratuen Legean ere eragina izan zuen.
Hain zuzen ere, 15/2010 Legearen 3. artikuluak Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 200. artikuluko 4. idatz-zatia aldatzen du. Aldaketa horren ondorioz, honela geratzen da idatz-zati hori:
«Obra-ziurtagiriak eman ondoren, edo kontratua osorik nahiz zati batean gauzatu dela egiaztatzeko agiriak eman ondoren, hogeita hamar egun izango ditu administrazioak prezioa ordaintzeko, 205.4 artikuluan ezarritako epe bereziari kalterik egin gabe; administrazioa prezioa ordaintzen atzeratzen bada, berandutze-interesak eta kobrantza-kostuen kalte-ordainak ordaindu behar dizkio kontratistari epe hori igarotakoan, Merkataritza- eragiketetako Berankortasunaren aurkako Abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritakoaren arabera. Baldin eta obra-ziurtagiria ematea bidezkoa ez bada eta fakturaren edo ordainketa-eskari baliokidearen hartu-agiriaren data zalantzazkoa bada, edo salgaiak jaso aurrekoa edo zerbitzuak eman aurrekoa, hogeita hamar eguneko epea salgaiak jaso diren egunetik edo prestazioa eman den egunetik hasiko da zenbatzen.»
Eta 15/2010 Legearen 3. artikuluko 2. idatz-zatiak 200 bis artikulua gehitzen dio Sektore Publikoko Kontratuen Legeari. Artikulu horren bidez, administrazio publikoen zorrak burutzeko prozesua ezartzen da:
«Lege honen 200.4. artikuluan aipatutako epea bukatu eta gero, kontratistek eskuz eskatu ahal izango diote administrazio kontratugileari faktura eta, behar izanez gero, berandutze-interesak ordaintzeko. Hilabete igaro eta gero Administrazioak ez badu erantzun, ordainketa-epea amaitutzat hartuko da. Kasu horretan, interesdunek administrazioarekiko auzi-helegitea jarri ahal izango dute Administrazioaren inaktibitatearen aurrean. Gainera, kautelazko neurri hau eska dezakete: Administrazioak zorra berehala ordaintzea. Organo judizialak kautelazko neurria hartuko du, baldin eta Administrazioak frogatzen badu ez direla ordainketa-baldintzak betetzen, edo eskatutako zenbatekoa ez dela egokia. Kasu horretan, kautelazko neurria azken horretara mugatuko da. Epaiak kostuak ordaintzera zigortuko du auzitara eramandako Administrazioa, kobrantza-asmoa osorik aintzat hartuz gero.»
ADMINISTRAZIOARI EZ-ORDAINTZEAK ERREKLAMATZEKO PROZEDURAREN OINARRIZKO ALDERDIAK
Lehen transkribatutako aginduetatik, hau azpimarra dezakegu:
a) Administrazioek 30 egun dituzte, gehienez ere, beren ordainketa-betebeharrak betetzeko (epe hori 2013/01/01etik aurrera aplikatuko da. 15/2010 Legeak egutegi iragankor bat ezarri du 2013rako. Administrazio publikoentzako ordainketa-epea pixkanaka laburtuko da; 2010. eta 2011. urteetan, ordainketa-epea 50 egunekoa izango da, gehienez ere. 2012/01/01etik aurrera, epea 45 egunekoa izango da, eta 2013ko urtarriletik 1etik aurrera, 30 egunekoa).
b) Kontuan izan behar da epea obra-ziurtagiriak edo kontratua osorik nahiz zati batean gauzatu dela egiaztatzeko agiriak egin ondoren hasten dela. Beraz, eskatu egin beharko da.
c) Baldin eta obra-ziurtagiria ematea bidezkoa ez bada eta fakturaren edo ordainketa-eskari baliokidearen hartu-agiriaren data zalantzazkoa bada, edo salgaiak jaso aurrekoa edo zerbitzuak eman aurrekoa, hogeita hamar eguneko epea salgaiak jaso diren egunetik edo prestazioa eman den egunetik hasiko da zenbatzen.
d) Epea amaitutakoan Administrazioak ez baditu enpresekin dituen eginbeharrak betetzen, idatziz eskatu behar da, fakturak eta berandutze-interesak ordaintzeko betebeharra bete dezan.
e) Errekerimendua egin eta hilabete igaro ondoren Administrazioak erantzuten ez badu, isiltasuna positibotzat hartuko da; alegia, ordainketa-epea bukatu dela ulertuko da. Horrek esan nahi du epaitegira jo daitekeela, administrazioarekiko auzi-helegitea jar daitekeela Administrazioaren inaktibitatearen aurrean.
f) Ordainketa-epea amaitu ostean, berandutze-interesak eska daitezke, bai eta Berankortasunaren aurkako Legean aurreikusitako berreskuratze-kostuak ere.
g) Halaber, Sektore Publikoko Kontratuen Legeak beste zenbait ondorio aurreikusten ditu, Administrazioak berandu ordaintzen badu. Hala, ordainketa-berandutzea lau hilabetetik gorakoa bada, kontratistak kontratua eten dezake. Berandutzea zortzi hilabetetik gorakoa bada, kontratua bertan behera geratzeko eska dezake, bai eta horren ondorioz sortzen diren kalteak ordain diezazkioten ere.
h) Araudiak adierazten duenez, epaiak kostuak ordaintzera zigortuko du auzitara eramandako Administrazioa, kobrantza-asmoa osorik aintzat hartuz gero.








