Aurrez ezazu software librea eta doako softwarea erabiliz
Aurrez ezazu software librea eta doako softwarea erabiliz
Lehenik eta behin, kontuan hartu behar da software librea eta doakoa (freeware esaten zaiona) ez direla gauza bera. Lehenak, librea izanik ere, banaketa komertziala izan dezake (hau da, irabazteko asmoz bana daiteke). Beraz, software librea doakoa izan ohi da, baina ez beti. Programa librea ordaindu beharrekoa izan daiteke, baina software librearen ezaugarriak direla eta, beste garatzaile batek aldaketak egin eta prezio merkeagoan bana dezake. Azkenean, doakoa izateko joera gailentzen da; horregatik, finantzatzeko beste bide batzuk behar izaten ditu, zerbitzuak eskaintzea edo babesleak izatea, esaterako.
Labur esanda, software komertzialean kodeak jabe bat du, itxia da eta sortu duen enpresaren esku dago, ez beste inorenean; horrela, sortzaileak erabakitzen du kobratuko duen ala ez. Haatik, freeware delakoa doan banatzen den softwarea da, baina horri ere ezin zaio iturburu-kodea aldatu, bai ordea open source edo software librearen kasuan. Beste aukera bat shareware-a da, epe mugatu batez proba egiteko doan erabil daitezkeen aplikazioak, alegia.
Horrenbestez, freeware programak erabiliz, enpresa txiki batek ehunka edo milaka euro aurrez ditzake, programok Interneteko hainbat ataritatik behera kargatuta (Softonic edo Portalprogramas). Horrela ez du lizentzia komertzialik erosi beharko suite ofimatikoa (testu-prozesadorea, kalkulu-orria eta aurkezpenetarako softwarea), antibirusa edota kontabilitate-, fakturazio- edo saltokiko terminal-programak bereganatzeko. Era berean, badira programak telefono gastuak edo ordenagailuen energia-kontsumoa murrizten laguntzen dutenak.
Jarraian, edozein negoziotan eta etxean dirua aurrezteko sortu dituzten aplikazio batzuk aurkeztuko dizkizuegu.
Telefono deiak eta mezuak doan
Autonomoek eta enpresek gehien erabiltzen duten tresnetako bat telefonoa da, nahiz eta horren erabilera garestia izan daitekeen. Dena den, hainbat aplikazioren bidez ia doan komunikatzeko aukera duzu, bai mezuak erabilita eta baita Skype eran deiak eginda ere. U WhatsApp, Nimbuzz edo Viber dira aplikazio horietako batzuk. Era berean, Tango aplikazioak bideo-deiak egiteko aukera eskaintzen du.
Hala ere, doan deitu ahal izateko diru apur bat gastatu behar izaten da datu-tarifetan, baina beti dago wifi sare irekia erabiltzeko aukera.
Ordenagailua erabiltzean energia aurreztea
Goi-gamako ordenagailu baten energia-gastua 300-350 watt ingurukoa da. Egunean zortzi orduz erabiliz gero urtean 1.000 kW baino gehiago izango dira, hau da, 120 bat euro urtean zure argindarraren fakturan.
Zenbateko hori asko jaitsi daiteke doako hainbat aplikaziori esker, hala nola, Granola, Edison edota AMP WinOFF aplikazioei esker. Aplikaziook ordenagailuaren argindar-kontsumoa kontrolatzen laguntzen dute, eta kontsumo hori % 15eta % 35 artean murriztea ahalbideratzen dute prozesadorearen tentsioa aldatuta. Argiaren intentsitatea aldatzeko aukera eskaintzen duten lanparen antzera funtzionatzen dute. Ez dute eragin handirik ordenagailuaren errendimenduan, baldin eta potentzia handia eskatzen duten programak erabiltzen ez badira.
Ordenagailu-tintaren kontsumoa murriztea
Inprimaketa-kartutxoak ordenagailuen erabilerarekin lotutako beste gastu finko bat dira. Dokumentuak inprimatzeari edo gainontzekoekin partekatzeari utzi gabe, gastu hori ere asko murriztu daiteke.
Ecofont, esaterako, tinta gutxiago gastatzeko aukera eskaintzen duen tipografia berezia da. Aldea luparekin bakarrik antzeman daiteke: letrek zuloak dituzte. Konponbide argia da, ustez merkeagoak diren inpresio-modu batzuk baino hobe funtzionatzen duena.
Gainera, inprimagailuek hainbat aukera eskaintzen dituzte, besteak beste, zirriborro edo aurrezteko moduan inprimatzea, orriaren bi aldeak erabiltzea, edo hainbat orri bakarrean inprimatzea. Bestela, badira aplikazioak, InkSaver, adibidez, zirriborro-moduekin baino gehiago aurreztea ahalbideratzen dutenak: zuk aukeratzen duzu zenbat aurreztu nahi duzun eta programak berak murrizten du erabilitako tinta-kopurua. Oso antzekoa da CleverPrint: dokumentua aldatzen du tinta eta paper kontuetan inprimaketa garesti atera ez dadin.
Ordenagailua birus informatikoetatik babestea
Birusak ordenagailu-programak dira, ezkutuan sistemari eragiteko sortuak. Ordenagailu-birusak programak besterik ez dira, Word edo Excel diren bezala, baina erabilgarriak izateko diseinatu beharrean sistema informatikoei kalte egiteko sortzen dituzte.
Gure ordenagailuak infektatzeko saioak saihestuko dituzten antibirusak hainbat web orritan eskura daitezke, adibidez, Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren Inteco (Komunikazio Teknologien Espainiako Institutua) erakundearen orrian. Bertatik, doakoak diren avast!Free edo Avira Antivir aplikazioak behera karga daitezke.
Testuak, aurkezpenak eta kalkuluak lantzea, doan eta edonon
Suite ofimatikoa bulego-lanetarako diseinatutako ordenagailu-programa multzoa da, eta gutxienez testu-prozesadore bat eta kalkulu-orria eskaintzen ditu. Gainera, suiteak aurkezpenetarako programa, datu-baseak kudeatzeko sistema eta grafikoak eta komunikazioak lantzeko bestelako tresnak eskain ditzake.
Doakoen artean nabarmentzekoak dira Open Office eta Libre Office, eta baita linean erabil daitezkeen Google Docs edo Think Free Office ere.








