Facebook-en denda sortzeko aplikazioak
Facebook-en denda sortzeko aplikazioak
Facebook atariaren barruan Web gune bat da Facebookeko denda, eta bertan gure produktuak/zerbitzuak eskain diezaiekegu gizarte-sare horren erabiltzaileei. Azken hilabeteotan hizpide izaten ari da F-commerce (Facebook commerce), etorkizuneko aukera dela esaten da, gizarte-sareak merkataritzarako plataforma ere badirela. Ildo horretan, Facebookerako aplikazio berriak sortu dira zure jarraitzaile-orriaren barruan denda elektronikoa sortzeko. Aplikazio horien artean batzuk doakoak dira eta beste batzuk ordaindu egin behar dira.
Gaur egun sarea bezero izan litezkeen lagunez beteta dago, Facebooken denbora ematen dutenak. Beraz, gure enpresarentzat Facebook orria izateaz gain, zergatik ez dugu eskaintzen gure produktuak sarean zuzenean erosteko aukera? Nahikoa iruditzen al zaigu gure enpresentzako jarraitzaileak lortzea, edo jarraitzaile horiek bezero birtual bilakatu nahi ditugu?
Dagoeneko enpresa asko hasi dira bide berria jorratzen. Enpresaren orria, horma edo irudiak izateaz gain, erosketak zuzenean gizarte-sarean egiteko aukera ere badago. Gainera, litekeena da eroslea pozik gelditzea eta lagunei eta ezagunei gertatutakoa kontatzea. Modu horretan, Interneten izaera hedatzaileari esker, gure bezeroen kontaktu-sarearen bidez zabalduko da gure enpresari buruzko informazioa.
Laburbilduz, Estatu Batuetan Facebookek trafiko handiagoa du Googlek baino, hortaz, zergatik ez inbertitu denda gizarte-sarean ere izateko, hori bera egiten badugu bezeroek gure denda elektronikoa bilatzaileetan aurki dezaten? Ezin dugu alferrik galdu gure produktuak erakusteko aukera hori, ikusleen gustuko izan eta azkenean saldu ahal izateko parada.
Facebooken zure denda elektronikoa abian jartzen lagunduko dizuten tresnak erakutsiko dizkizugu artikulu honetan, bide berri horretatik saltzen has zaitezten.
Novelo
Novelo merkataritza elektronikoko plataforma da, eta Facebooken produktuak saldu nahi dituzten markei eta dendei bideratuta dago. Doan erabiltzen da, salmenta adostean bakarrik ordaindu behar da komisioa.

Palbin
Hodeian den zerbitzu horren bidez, autonomoek, dendariek eta enpresa txiki eta ertainek euren denda elektronikoa sor dezakete bai Interneten eta baita Facebooken ere. Plataformak hainbat prezio-plan eskaintzen ditu, eta prezio murritzeko hileko harpidetzatik hasita, profesionalei eta ekintzaileei laguntza eskaini nahi die euren negozioak bultza ditzaten, Informatikari edo Interneti buruzko ezagutza teknikoen beharrik gabe. Gaztelaniaz.
Payvment E-commerce Storefront
Payvment E-commerce Storefront aplikazioak doako bertsioa du, instalatzeko erraza eta aukera ugari eskaintzen dituena zure neurriko lineako denda abian jartzeko. Kreditu-txartelekin edo PayPal bidez ordaintzeko aukera ematen du. Ingelesez bakarrik.
Zeever
Zeever kontuan hartzeko moduko aukera berria da, era guztietako lineako dendak eta katalogoak azkar, erraz eta batez ere arintasunez sortzea ahalbideratzen baitu. Erabat doan erabiltzen da lehen salmenta egin arte. Salmenta hori adostu ondoren komisioa ordaintzen da salmenta bakoitzeko, sistema erabiltzearen ordainetan.
Tresna eta osagai ugari eskaintzen ditu denda sortzeko unean erabiltzeko, eta hori du bere ezaugarri nagusietako bat. Tresna horiekin batera, estatistika-sistema nahiko osatua jartzen du erabiltzaileen eskura, denda barruan sortutako trafikoa monitorizatzea ahalbideratzen duena. Aintzat hartzeko aukera oso egokia da Facebooken barruan merkataritza elektronikoarekin lotutako proiektu berriari ekiteko orduan.

Tu tienda en Facebook
Gaztelaniaz eskura dagoen beste aukera bat, ordaintzen direnetakoa.

VendingBox
VendingBox-ek hainbat prezio-plan eskaintzen ditu, hileko eta instalazioagatiko kostu finkoak eta egindako salmentei dagozkien aldakorrak uztartzen dituztenak.
InfusedCommerce
InfusedCommerce aplikazioa ordaindu egin behar da, eta prezioa hileko 99$-etik 399$-era bitartekoa da; prezio horri salmentagatiko komisioa gehitzen zaio. Zure saltokiko terminal birtualarekin integratzeko aukera eskaintzen dizu. Lehiakideak baino garestiagoa da, baina azpimarragarriak dira bere kalitatea eta erabilgarritasuna. Aplikazioaren bidez erosketa-orga intuitiboa osa daiteke, eramate-zerbitzua kontrolatu, hainbat kreditu-txartelekin ordaindu eta zure denda berezi egingo duten osagaiak erantsi.









