Lan Ministerioak prestakuntza-kontratu berria onartu du
Kontratu-eredu berriak orain arte indarrean izan den prestakuntzakoaren tokia hartuko du, azken horrek urteko kontratuen % 1 besterik ez baitzuen hartzen.
Helburu duen kolektiboaren prestakuntza maila hobetzea da kontratuaren xedea, eta horretarako, enpresan ohikoa den lanaldiaren % 75 finkatzen du kontratatuarentzat. Gainontzeko orduak prestakuntza-jardueretan emango ditu, ikastegi espezializatuan. Kontratuak gutxienez urtebete iraungo du eta gehienez bi, baina beste 12 hilabetez luzatzeko aukera egongo da, prestaketaren arabera.
Era berean, enpresariek kontratua erabiltze aldera, horientzako murrizketak ere jasotzen dira kontratu berria arautzen duen errege-dekretuan. Horrela, kontratatua langabea baldin bada, Gizarte Segurantzako kotizazioetan % 100era arteko murrizketa egingo zaio enpresari, eta 250 langiletik gorako enpresetan % 75ekoa izango da murrizketa hori. Dena den, kontratatuak bere gizarte-eskubideei eutsiko die, hau da, Gizarte Segurantzari egiten dion kotizazioari. Gainera, mota horretako kontratuak finko bilakatze aldera, ikastun-kontratua amaitzean enpresek eskubidea izango dute gizarte-kotizazioa urtean 1.500 eurotan murrizteko (1.800 eurotan kontratatua emakume gaztea bada).








