Autonomoen langabezia arautu dute
Joan den urrian eman zuten argitara Urriaren 31ko 1541/2011 Errege-dekretua, 32/2010 Legea garatzen duena. Aipatu Legea duela urtebete onartu zen, euren jarduera etetean langile autonomoek babes-sistema berezia izan dezaten: autonomoen langabezia esaten zaiona.
Araudia garaiz iritsi da erregimen berrira sartzen diren lehen langileek argi izan ditzaten prestazioa eskatzeko beharrezkoak diren izapide guztiak, horrelakorik behar izanez gero. Gaur egun dagoeneko 700.000 langile autonomo ari dira kotizatzen eskubide hori erabili ahal izateko, baina milioi erdi pasatxok bakarrik kotizatu dute 12 hilabeteko derrigorrezko epea.
Orain garatu den Legearen arabera, autonomoek bi hilabeteko langabezia-prestazioa jasoko dute kotizatutako hamabi hilabeteko, eta gehienez urtebetean kobratuko dute. Hori guztia ahalbideratzen duen kontribuzio-sistemaren barruan, langile autonomoak borondatez kotizatzen du bere oinarriaren ehuneko 2,2.
Gainera, langabeziako prestazioa bi hilabetez kobratu ahal izateko, aipatutako sistemaren bidez gutxienez urtebetez kotizatu beharko du langile autonomoak, jarraian eta jarduna utzi aurretik. Zenbatekoari dagokionez, eskaria egin aurreko hamabi hilabeteetan langile autonomoak izan dituen kotizazio-oinarrien batez bestekoaren % 70 kobratuko du, Legeak finkatu zuenez.
Gaur egun langile autonomoen langabezia-estaldura borondatezkoa da, baina 2012ko urtarriletik aurrera aldi baterako ezintasunari eta langabeziari dagokion kotizazioa derrigorrezkoa izango da autonomoen erregimen orokorrean afiliatuta dauden langile guztientzat.
.








